XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gerra osteko mundua

Paulina Gómez Beltrán, la Paca izenez ezagutua (sozialista bizkaitarra) eta Expósito euskal brigada komandantea.

Durangaldeko langileen kontzentrazioa. Langileen mugimendua gogor aritu zen lan-baldintzak hobe zitezen.

Euskal Herria frankismoaren garaian

Frankismoak Euskal Herriari astindu ederra eman zion. Diktaduraren erregimen hark Estatu Berri bat osatu nahi izan zuen totalitarismoa oinarritzat hartuta eta, hala, Francok ezarritakoaz gain ez zegoen bestelako aukerarik: Espainia bakarra eta batua zen eta ez zuen halako zati edo pitzadurarik izan behar, eta bere ideien arabera Francok gobernatzen zuen.

Hala, hizkuntza, ohiturak, folklorea, tradizioa eta, oro har, euskal kultura debekatu egin ziren eta jazarpen izugarriak jasan zituen Euskal Herriak (Galiziako, Kataluniako nahiz Espainiako beste hainbat komunitateko kulturen kasuan ere halaxe gertatu zen).

Gerra zibilak Euskal Herria lur jota, etsita utzi zuen, ondo antolatutako oposiziorik ere ez zuen, eta buruzagi gehienak atzerrian zituen. Erregimenaren hasierako urteetan, Bigarren Mundu-Gerra amaitu ondoren, euskaldunek aliatuek esku hartuko zuten itxaropena izan zuten.

Horregatik, Eusko Jaurlaritza, erbestetik, Estatu Batuen gobernura hurbiltzen ahalegindu zen. Dena den, gerra amaitu eta gerra hotza hasi zenean, Estatu Batuek Francori laguntzea erabaki zuten, erregimen hura komunismoaren aurkakoa zela defendatuz.

Gerraosteko hasierako urte gogor haietan, gosete eta miseria latza izan arren, Euskal Herriak bere ekonomia hobetzea eta bultzatzea lortu zuen. Industrian oinarrituz, lehendik zituen azpiegiturez eta atzerriko inbertsioez baliatu zen, hala, Euskal Herriko ekonomia gararazteko. Bizi-maila hobetu egin zen ondorioz eta Francoren erregimenaren aurkako oposizioa ere sendotu egin zen poliki-poliki.

Frankismoaren aurka Euskal Herrian indartu zen oposizioan hiru fronte nabarmendu ziren, hirurak elkarren osagarriak:

- 1959an talde berri bat sortu zen, Euskadi ta Askatasuna (ETA), ideologia abertzale eta marxista zuena eta frankismoari aurre egiteko bide bakartzat borroka armatua defendatzen zuena.

- Euskal Herriko Eliza abertzaletasunaren aldeko jarrerak eta frankismoaren aurkakoak garatzen hasi zen.

- Langileen mugimendu marxista indartu zen ekonomiaren susperraldiarekin batera, eta honek ere, greben bidez, gobernu frankistaren aurkako borrokan bere eragina izan zuen.

Frankismoaren aurkako oposizioaren antolamenduan hiru faktore horiek ezinbesteko garrantzia izan zuten. Bakoitza bere esparruan diktadura frankistaren aurka borrokatu zen eta, oro har, horrek Euskal Herriari zekarkion nortasun-galtzearen eta eskubideak urratzearen aurrean, gogor egin zuten.

Franco hil zenean eta, beraz, diktadura eta erregimen frankista amaitu zirenean, Espainiak demokraziaren bideari ekin zion eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Autonomi Estatutua lortu zen.

- Euskal Herrian frankismoaren aurkako oposizioa nola gauzatu zen jakiteko ikerketa bat egin eta noiz, nola, zergatik eta zertarako antolatu zen aztertu.